La Pelota en la literatura, Pelota y bertsolaritza

XENPELARREN BERTSO BATZUK DIRELA-ETA

No Comments 13 diciembre 2011

XENPELARREN” BERTSO BATZUK

DIRELA-ETA

JAVIER CUADRA

Los unos jugamos a la pelota muy bien;

los otros hacemos versos en vascuence bastante mal”

(Baroja, La Leyenda de Jaun de Alzate)

 

Liburuxka bat eskuratu zitzaidan aspaldi: Chansons Basques (Hendaia, 1967). Pilotari buruzko kantu batzuk ageri dira bertan, eta aipamen berezia merezi du, nire ustez, horietako batek. Ez, nahi bada, kantuaren beraren garrantziagatik (aski arina eta gehiagoko traszendentziarik gabea baita, egia esateko…), baina bai han-hemen agertzen zaizkigun beste bertso-sorta batzurekin ditugunedo izan genitzakeen– gorabeheren adibide on egiten duelako, are bere txikian ere.

Nolabait esan, finkatutzat ematen ditugun kantu nahiz bestelako testu askoren aurrean, beharrezko izaten baita batzutan galdera ere egitea; hau da: hitz, arrazoi edo esaldiren bat auskalo nondik erantsia ote duten horiek, hain nabarmen deslai eta lekuz kanpo ematen baitute horiek hor

Oraingoan bai, makur eta nahasbideei atzematea suertatu zait, kasualidadez kasik, baina argi erakusten du horrek nolakoak izan litezkeen tartikak eta zokomokoak beste askotan ere. Ez baita inola ere pentsatzeko oraingo hau kasu bakarra dugunik, noski… Zenbat ez horrelako gehiago bazterretan, alegia?

Pilotaren historiarako, historigintzarako, oinarrizko baldintza baita (gehiegitan ahazten bazaigu ere) jakiniturrien eztabaidatze kritikoa. Miletan ikusi dugu batere onartzeko moduko ez diren iturri, albiste eta “argitasunetatik” ondorioztatu dizkigutela gero inola ere gainetik kentzerik ez dagoen hainbat ixtorio oker, makur eta zentzugabe.

________________

Baina asko da “hitzaurrerik”, eta gatozen harira.

Esan dudan liburuxkako kanta jakin batek axola dit oraingoan: Zu zira pilotari izenekoak, hain zuzen ere.

Canción en dialecto zuberoano bezala aipatzen zuen hori Bozas-Urrutiak bere bibliografian… Euskalkien nahasketa bitxia da kantua, ordea, berdin “degu” nahiz “zira” adizkiak ematen baitzaizkigu, nahitara, nahasian. Eta horretxek, hau da, adizkerak nahasian agertzeak, eman zidan begietan lehen… “harrigarria”. Hortik gora gainerakoak, tarraka…

Hasieratik hartu nion kantuari ezagun-airea, baina nire buru txarragatik denbora puska pasata baizik ez nintzen ohartu zer gertatzen zen. Eta ohartzea, gainera, arazoarekin batere zerikusirik gabea emango lukeen zerbaitetatik iritsi zitzaidan: Domingo Agirre ondarrutarraren Garoaren 1935eko bigarren agerraldi obetuko ale batetik, alegia.

Eta bertatik azpimarratu nahi dut hori oraintxe: ez Garoa irakurtzetik [1912koa, jatorriz], eta bai zehazki 1935ean egin zen agerraldi obetu hartako ale bat irakurtzetik, Agirreren jatorrizko testuaren aldean “agerraldi obetuak” eragin zuen aldaketa batean baitago oraingo giltzetako bat…

Urkiolan, San Antoniotan, bertso berriak aldarrika saltzen zituen gizon bat aurkezten zuen AgirrekXenpelarrenak omen ziren bertsoak, zeren Agirrek berak zioenezeta ez ironiarik gabe, aidanez–, Xenpelarrenak baitziren orduan bertso guztiak saltzeko garaianOndoena saltzen zuela, beraz, errenderiarraren izenak.

Prantziako pelotariai ateratako bersoak dira:

Amalau españoletan 

Mateo prantzesa aaa

Partidu onetantxe

Izan da trabesa aaa

Lau lautara 

Ziran asi.

Altzuenak

Irabasi.

Bai neurri eta bai arrazoi, aski arraro dira horiek, noski, bestelakoetan sartu gabe ere… Baina, batez ere –eta hauxe da oraingo “kontu” gehiena–: bertso bietako bat bera ere ez da Xenpelarrena, bestela esan bazaigu ere.

Lehenengo bertsoa, (h.d. Amalau españoletan…) Bautista Eizagirre, Azpeitiko Txikito, eta Matieu Borotra ahetzarrapartidetako buru” izanik, Donostian 1862an jokatu zen partida batez Alkain Udarregik jarritako bertsoetarik dugu.

Beste bertsoa, berriz (Lau lautara…), Ramon Artolak Donostiako EuskalErria aldizkarian 1888an kaleratu zuen Pillotariyak. Donostiako muralla kontra luzean jokatutako partiduba hartatik heldua zaigu, trikili-trakala, errenka ia.

Artolaren jatorrizko bertso hauetxetatik dugu, halaber, gorago esana dudan Zu zira pilotari hura ere. Hortik aditzen nion, beraz, ezagun kutsu hura… Eta ni harrituta, haserre ere bai kasik, bat-batean hainbegien bistako” iruditu zitzaidan zerbaiti hain luze ohartu gabe nola egona ote nintzen harrituta…

Zeozer esan dezagun bertso horietaz, bigarrenetik hasita, hau da, Ramon Artolaren Pillotariyak… hartaz lehenik:

A) Jose Zapirain Txapillok, donostiar idazle, bertso-jartzaile eta pilotan ere gogotik saiatutakoak azaldu zuen urte batzuk geroago partida hura zer eta nola izan zen, bai eta Artolak bertsoak nola boteak zituen ere (Luzianmoch!”, Euskal-Erria aldizkaria, 1911). Ikaragarrizko partida xelebre eta kalamidadea egiten ari zirela galtzaileak, are-eta irabazleek, zirika, tranpian ari ote ziren galdetzerainokoan ere; Artolak besoa hautsi zuela eta Petrikillo famatuarengana eraman behar izan zutela… Eta nola ohatilan zeramatela kantatu omen zituen Artolak bertso horiek

B) Alkain Udarregik ondutako bertsoetaz, bestalde, esan dezagun hiru partidara izan zela bertsoetarako gaia eman zuen desafioa (partida / kitora / ahuntza; partie / revanche/ le tout), bi Donostian eta beste bat Irunen jokatzekotan. Matieuren taldeak irabazi zuen Irungo partida, eta Bautistarenak, berriz, Donostiako biak. Donostian jokatu bi partidetako zeinek eragin zituen zehazki Udarregiren bertsoak, ordea, ez dakit.

Esan gabe ere badoa, noski, Matieu Borotra ahetzarra baizik ez dela Udarregik kantatutako “Mateo prantzesahura, eta oraingo kontu ez bada ere, aipa dezagun oraino Matieuk Irunen irabazitako partidaren oihartzuna ematen duela urte hartan berean, 1862an, Antoine d’Abbadieren Koplarien Gudura aurkeztu zen kantu batek, “hutski pilotaribaino, hainbat frantses abertzaleagoa.

[Post (2001-12-02): Oraintsu berrikitan aurkitua dut Frantziako Bibliothèque Nationale-tik “afixa” bat, 1862koa hain zuzen, Matieuk bere senitarteko batzurekin batera, “espagnolen” kontra Parisen jokatutako partida bat goratik iragartzen zuena. Handia izan zen bolada hartan ahetzarraren sona… Eta, besteak beste, Matieuren eraginari esker eta inguruan gogoratzen zuen 1924an Saint-Jaymek bere Au Pays Basque liburuxkan errebotean errefera ez gehiago boleaz baina beti-beti, nahitaez, punparen ondotik egin behar izatea. Bada horretan ikuspuntu historiko eta teknikotik zer eztabaidatu, egiaz, baina Matieuren famaren lekuko gisa ekartzen dut orain donapalautarraren esana, besteak gorabehera… Hurrengo baterako utziko dut hori orain, Gaskoinaz aurkitua dudan 1853ko aipamen batek nahitaez ekarriko bainau kontu honetara berriro ere. Eta Irungo partidara ere bai… Tiburzio Arraztoaren segurtasunak berriz ere dardaraztekotan, nahitaez.

Gero, gainbehera hasita, Ameriketarako bidea hartu zuen Matieuk… Eta ez, hain zuzen ere, Ameriketara pilotari joatekotan, eta bai bere herrian goseak hilko ez bazen, pilotari izan edo gabe… Esateko ere, Pierre Lotiren Ramuntcho-k, Borda Otharre pilotari garaikideaz harago ere, esango nuke badituela bestelako inspirazio iturriak ere: Matieu bera, esate baterako, edo Matieuri bezala gertatua zitzaienak. Cfr. adibidez, Ainhoako Jean Duvoisin kapitainak Le jeu de paume artikuluan ematen zuen Oyhanto koplariaren konposizioa… Espainiar kostunbrismo errazaren harian dugu toreadorea eta tonadilleraren topikoa, eta irudi luke izanak ditugula guk ere “pilotaria” eta “etxeko alaba” [=prima ejerra] nolabaiteko maitasunezko topiko tradizional… Zenbat eta ezinago, hainbat eta gustagarriago, jakina.]

Horra, beraz, zer nolako ogia eman zigun Agirrek Udarregiren eta Ramon Artolaren bi kanturen zati muturrak nola edo hala “oratuta”: bi bertso, ez neurriz, ez zentzuz, eta ez beste inondik ere kasik, ganorarik ageri ez dutenak, “bertso sorta” eginak zaizkigu… Eta emaitza ongi nahaspila izateaz gainera ere, aitaorde okerra ere eman zitzaien haiei oraino, biribiltzekotan: Xenpelar

Kontua ez da horrenbestez amaitzen, halere

Agirreren Garoa-ren laburpen luze bat argitaratu zuen Jean Etcheparek Gure Herria aldizkarian, 1922an, eta honela zioen lekondarrak bertso horien aipamenera helduta: neurtitz batzu, arras ere pullitak, dioanez, senpertar batenak, Frantziako pilotarien gainean emanak.

Esateko ere, horretxegatik azpimarratzen nuen gorago 1935ko argitaraldiak ematen zuela ixtorio horretan “argia”: Agirrek ez zuen jatorriz Xenpelar idatzi, eta bai Senpelar… 1935eko bigarren agerraldi obetuak aldatu zuen Agirrek 1912an idatzitako Senpelar hura eta gaur egun gu guztiona litzatekeen Xenpelar forma eman (Manuel Lekuonak?). Hortaz, bistan da, 1922erako, Etcheparek Senpelar baizik ezin zuen besterik irakurria izan... Guztiz gauza misteriosoa berarentzat, aidanez, eta senpertar (berarentzat) ezagunagoa eman zion begikolpeak izen ezezagun haren aurrean.

Bertso berriak, Xenpelarrek jarriak” eta “Oyen madria zein dan, Xenpelarrek daki”… Dena aldi berean, gainera. Nork ematen du gehiago?

Azken oharra: Tiraka zerbait egin behar dugu horretan oraino, Udarregik ez baitzuen berez Amalau españoletan kantatu, baiziketa Zazpi españoletan

Udarregirenak, “jatorrizkoak” alegia, horrela esatekotan, baduzentzurik”… Partida errebotean izanik, lauk lauri, zazpi genituzke horrenbestez, eta Matieu zortzigarrena. BainaAmalauhorri ez diot nondik heldu ikusten, non, pilotaren erreferentzia galduta edo, beste nonbaitetik ez zaigun horra eroria. Beste bertso batzurekin nahastetik-edo…

Ni luzez bezala, Patziku Perurena ere gutxi konturatu zen Euskarak sorgindutako numeroak (1999) liburu ederrean bertsoberadirela Domingo Agirrek Garoa-n emandakoa eta Udarregirena, eta elkarretatik bereiz aipatu zituen, “HamalaunahizZazpi”-etaz jardutean, hurrenez hurren

Amurrion, 2011-01-16


© 2011 Pilotarien Batzarra.